XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KONTAKIZUNAK, ARIKETAK ETA SASKI-NASKI.

Marrazki bateko ideiak ezagutzen hasi denean, haurrak arakatu beharra sentitzen du objektiboak edo informazio trinkoa eskuratzekoak ez diren metodoekin.

Jolas egin behar du ideiekin, amets egin agian, eta ahal den guztietan, bere jardunaren bitartez arakatu.

Orrialde hauetako ideiaren batzu errazegiak gertatuko zaizkio eta baliteke interesik gabeak izatea; beste batzu baliteke oraingoz haren helmenean ez egotea.

Baina ia denak egokitu litezke haur bakoitzaren garapen-mailara.

Kontakizuna esan.

Istorio oso baten armazoia eskuratzeko pentsaturik daude kontakizunak, baina haur bakoitzaren interesera egokitu litezke.

Aitak edo amak aurrez irakurri behar du eta bere seme-alabentzat egokia den erabaki.

Gero ahaleginak egin behar dira haurrak interesa izan dezan ipuinean, pertsonaien eta tokien izenak aldatuz eta haien ordez haurraren eta adiskideen izenak ezarriz.

Denen gogokoa izaten da ipuinen batean partaide gertatzea, gero gerta litekeenaz ustekizunetan ibiltzea, hots egokiak asmatzea eta istorioari amaiera bat moldatzea.

Garrantzizkoa da haurraren ideiak onartzea eta istorioaz bere kontakizun propioa sortzen uztea.

Istorioak zentzurik ez duenean, eten eta aldatu egingo du.

Ez dira irakurri behar ipuinak doinu aspergarrian baizik eta adierazkortasun eta ahots-aldaketekin.

Istorioak doministiku egitea eskatzen badu, egin litekeen doministikurik handi eta esajeratuena merezi du haurrak eta gainera beste bat egiteko aukera eman behar zaio.

Keinuak, imintzioak eta pariztak gehituko dira eta nahi den guztia une egokian.

Itxuraz, dramatizazio guzti hau barregarrikeria bat da baina haurrak ez dira izango iritzi berekoak.

Aitzitik, uste izango dute ipuin-kontalari miresgarria zarela eta oso ongi ari dela pasatzen beraietako batean partaide izanik.

Ariketak

Joko eta proiektu guztiak berehalaxe antola daitezke eta ez dute eskatzen prestamen handiegirik.

Hau ez dago soilik denbora ez galtzeko pentsaturik, baizik eta haur txikiek gauzak oraintxe bertan egin nahi dituztelako, eta ez bi ordutako prestamenetan aritu eta gero.

Iradokizunak moldatu egin daitezke erraztuz edo zailduz haurraren interes eta gaitasunen arabera.

Sarritan jokoek aukera ematen dute beronek gai bati buruz ikasi duena erakusteko, jolasean ari den bitartean esaten duena eta besteei egiten dizkien oharrak entzunez.

Kontakizuna / Ariketak / Saski-Naski / Hondarrezko muinoak eskalatzen (8-9 orrialdeak).

Saski-Naski.

Izen hau duten laukiak haurrek informazio gehiago eskuratzeko daude edota ikastetxean aurkituko dituzten ariketa eta saio formalagoetarantz bide egiteko.

Gaiari buruzko ariketa guztiak amaitu arte ez da hasi behar beste hauek egiten, zeren eta behar adinako prestakuntzarik gabe zerbait egitera bultzatzeko arriskua bait dago.

Zerbait egiteko gogoa betirako kentzeko modu on bat litzateke hau.

Iradokitako zenbait ariketak guztiz formalak diruditen arren, era atseginean egin litezke.

Haur askoren iritzia da ikastea jostagarria dela, eta badago arrazoi sendorik uste izateko ongi eta bizkor ikasten dutela aprendizaiaz gozatzen dutenean.

Marrazketa, modelaketa eta idazketa.

Oso erraza da iritzi okerrak izatea haurraren marrazketa eta modelaketaz.

Hasieratik, haurrak gauak egin nahiko ditu, baina ez du egingo derrigor marrazki edo eredu errealistarik.

Ez da espero izan behar horrelakorik.

Berak azalduko du zertan ari den; hauxe izan liteke marrazkiaren lehen ariketa: titulua jartzea.

Eta bertan ikusten dena izendatzea.

Hau gure etxea da dio, nahaste-borraste bat seinalatuz.

Orduan erakusten du zirriborro ilunago bat lehengoaren barruan eta hala dio: Hau ni naiz.

Etxearen antz handirik ez duela esaten bazaio baliteke haurrak marrazkiak egiteko interesa galtzea.

Utzi egin behar zaio zer ari den pintatzen esan dezan, adorea eman behar zaio eta material berriak eskuratu froga ditzan.

Azkenik, toki bat eskaini beharko zaio marrazketan eta modelaketan aritzeko, pintura-mantxak eta buztin-zaplazoak egiteak axolarik ez diona.

Haurra nagusitzen ari den heinean ama edo katua edo elefantea marraztu nahiko ditu.

Berriro, ez da behar adina gaiturik egongo era errealistan egiteko eta horretarako gogorik ere ez du izango.

Beretzat zuzena den eran egingo du elefantea.

Oso handia egingo du interesatzen zaion atala eta ia ahaztu egingo da marrazkiaren gainerakoaz.

Hau ez da zuzendu behar; azkenaren buruan, munduko artista sonatu gehienek urte luzeak egin behar izan zituzten ikasten haur txikiak oraintxe bertan marraztu nahi dituen gauzak era errealistan pintatzeko.

Modelaketaren hasiera ere berdintsua izango da.

Une honetan askoz garrantzitsuagoa da modelatzen uztea eskura ditzakeen material guztiak frogatuz, emaitzez arduratzea baino.

Idazketaren hasierak marrazketarenaren antzekoak dira.

Zirriborroak egiteak trazu zehatzagoak egitera eramaten du eta ondoren lehendabiziko letretara: batzu maiuskulak, beste batzu minuskulak, forma eta tamaina guztietakoak.

Horietako zenbait eskuinetik ezkerrera ere joan litezke edota goitik behera.

Ez da gehiegi kezkatu behar horregatik aski da berak jarrai dezakeen eredu bat ematea, nahiz eta haren lehen hurbilpenek batere jatorrizkoaren antzik ez izan.

Goraipamenak.

Azkenik, ariketa guzti hauetan, laguntza eman behar zaio haurrari zinezko goraipamenekin.

Zerbait lortu duenean edo asko ahalegindu dela jakitean, gurasoek goraipamen bero eta ugariak eskainiko dizkiote.

Seguruago sentituko da eta goraipamen gehiago lortzen saiatuko da.